martes, 21 de mayo de 2019

E-paperzorroa

Hona hemen nire didaktika orokorreko blogaren azken sarrera. Sarrera hau, irakasgaian landutako eta blogera igotako gauza guztien laburpen bat izango da. Hau egingo dut edonork nire bloga bisitatzen badu aurkibide moduko bat aurkitu dezan blogean aurkitu ditzakeen gauza guztiekin, lehenik igo nituen sarrerak atzean gelditzen direlako eta berrienak berriz aurrean. Gainera, kurtsoan zehar irakasgaian landutako edukiak errepasatzeko eta haien artean koherentzia emateko aukera ona iruditzen zaidalako egiten ari naiz sarrera hau.

Irakasgaiaren hasieran Esther Ferrer-en dokumental bat ikusi genuen performance bat zer zen ikasteko. Performance bat zenbait arteren konbinaketa egiten duen ikuskizun bat da, baina batez ere, performance batek bakoitzak nahi duen mezua era ezberdin batean transmititzeko balio du, bakoitzak bere gorputza mezua transmititzeko medio bezala erabiliz alegia. Laburbilduz, gure burua azaltzeko beste modu batzuk daudela tradiziotik aldenduz ikasi dut performance hauen bidez.

Gero, gorputzaren portaera eskola instituzioetatik kanpo eta eskola instituzioen barne alderatu genituen. Kanpoan gorputzek alaitasunez eta askatasunez jarduten zuten, barruan berriz, eskolak ezarritako arauen ondorioz aspertuta, gogo gutxiz eta indibidualtasunik gabe jarduten zuten. Hau eskolen hezkuntza modelo(tradizionala) zaharkituaren ondorio bat da, modelo honek dena kontrolpean eduki nahi duelako askatasunik eman gabe. Sarrera hau nahiz eta blogean ez egon klasean landu genuen aurkezpen baten bidez, horregatik ez nuen blogera igo(horregatik ez dago link bat) irakasleak ez zela beharrezkoa esan zuelako.

Aurrera jarraituta, Illich-en hiru kapitulu irakurri eta galdera batzuk erantzun genituen kapitulu bakoitzari buruz. Lehenengo kapituluan "La Critica de las Herramientas" deiturikoa, hezkuntza sistemari kritika bat egiten dio, esanez, hezkuntzak gutxiengo boteretsu eta aberatsen alde egiten duela gizartearen sisteman sartuta dagoelako eta hemendik atera ezean besteak gutxiengo horren menpe egongo direla hauek hezkuntza erreminta bezala erabiliko dutelako hori lortzeko. Bigarren kapituluan "El Ritual del Progreso" izena duena, kapitalismoari kritika egiten dio Illich-ek. Esanez, hezkuntza negozio bat bihurtu dela eta bertan erakusten zen jakinduria eta bertako ikasleak produktu bihurtu direla gure gizarte kapitalistak nahi duen bezala erabil ditzan.

Hirugarren eta azkeneko kapituluan, "La Convivencialidad" deitzen dena, berriro hezkuntzari buruz hitz egiten du Illich-ek eta deseskolarizazio kontzeptua agertzen da bertan. Hezkuntzak ikasleek haien hezkuntza prozesua garatzeko behar duten erritmoa utzi eta ikasleentzat interesgarriak edo beharrezkoak diren gaiak landu beharrean, gero eta lanbide gehiego sortzen ditu bakoitzak hezkuntzaren "arazo" espezifiko bat konpondu dezan. Hori bai, hainbeste ikasitako espezialista horiek, arazo gutxi batzuk bakarrik konpondu ditzakete, arazo bakoitzarentzat espezialista bat dagoelako. Horrela, gizartea eta hezkuntza hobetu beharrean, menpekotasuna sortzen dute "beharrezkoak" diren lan horiekiko. Umeak, haien ikaskuntza prozesuaren jabe izan daitezen, desekolarizazioa beharrezkoa dela dio Illich-ek, umeek gauzak haien kabuz ikas eta begiztatu ditzaten. Beraz esan daiteke Illich-ek ere hezkuntzari kritika egiten ziola bere liburuaren bidez.

Ondoren, irudien gogoeta egin genuen eta honen bidez bizi garen gizarte kapitalista gogor honi buruz pentsatu nuen, irakasle naizenean nire ikasleei errealitatea den bezalakoa erakusten saiatuko naizela, beti ere adinaren arabera ezarriko ditudan mugen arabera, eta haientzat eredu on bat izaten saiatuko naizela erabaki nuen.

Gorputzaren gaiarekin jarraituz eskolaren papera gorputzaren normalizazioan landu genuen Paul B. Preciado-ren bideo bat ikusiz. Bertan, eskolak gizarteak "normaltzat" hartutako gorputzen, sexuaren edo arrazaren araberako ezaugarriak, jarrerak eta baloreak transmititzen dituela ikasi nuen, baita, arau horiek onartzea bakoitzaren esku dagoela, baina ez badira onartzen ondorioak izango dituela ere. Ondorioa, gure gorputzari ezarritako etiketa onartzen ez badugu, baztertuak izatea edo pertsona arrarotzat jotzea izango da. Paul B. Preciado-k hau aldatzeko modu bakarra biolentziaren bidez egindako iraultza bat dela dio. Hezkuntzak aldaketak egin beharko lituzke gizarteak aurrera egin zezan baina hezkuntza gizartean kontrolatzen duenez ezin da hori egin.

Gai berdinarekin erlazionatuta, Judith Butler eta Sunaura Taylor-en elkarrizketa entzun genuen, non, ikusi genuen gizarteak behartzen dituela eskolak balore horiek transmititzera. Horrela, gizarteak nahi dituen estereotipo eta arauak hoberen betetzen dituenak aukera gehiago izango ditu nahi dituen gauzak lortzeko. Hala ere, ideia hau oker dagoela defendatzen zuten Judith eta Sunaura-k, gizartean gorputz aniztasun handia dagoelako, horregatik berdintasuna bultzatu beharko litzateke, denek aukera berdinak izan ditzaten.

Hori landu eta gero, irakasleen ikuspuntuarekiko gogoeta egin genuen. Bertan ikasleak haien sexu, arraza, erlijio, jaioterri kultura edo jatorri sozio-ekonomikoaren arabera nola tratatuko genituen azaldu genuen. Noski denak berdin tratatzea izango litzateke bidezkoena, baina munduan pertsona mota ugari daudenez eta baita ikasleei ematen zaien tratuan eragiten duten faktore batzuk daudenez irakasle batzuk ez lukete bidezkoa dena egingo.

Ikasleei ematen zaien tratuan eragiten duten faktoreekin erlazionatuta eskola motak eta hauen berrikuntza pedagogikoak ikusi genituen. Pedagogia tradizionalak irakasleak ia behartu egiten ditu ikasleak haien ezaugarri eta errendimenduaren arabera ezberdin tratatzera, baina pedagogia libertarioak dakartzan mugimendu pedagogiko berrietan, ikaslea den bezala errespetatzen da eta beste gutiek dituzten aukera berdinak ematen zaizkio bere ezaugarriak alde batera utzita.

Mugimedu guztiak eskola publikoetakoak dira(nahiz eta erakunde pribatuetan ere martxan jarri ahal izan) eta bi korrontetan banatzen dira: mugimendu anti autoritarioak eta esperientzia berritzaileak. Mugimendu anti autoritarioetan homeschooling-a eta eskola anarkistak daude. Bietan ikaslea da garrantzitsuena(irakaslea gida bat da) eta ikaskuntza prozesua honetara moldatzen da eta nahiz eta eskola anarkistan gehiago izan, ikasleak bietan du askatasun asko.

Bestalde, esperientzia berritzaileetan Amara Berri eta eskola txikiak daude. Amara Berri da guztietatik ezagunena eta bertan umeek proiektuen bidez ikasten dute egunerokotasunarekin harremanetan dauden egoerak praktikan jarriz esperimentazioaren bidez. Ez dago ia azterketarik, adin ezberdinetako umeak nahasten dira eta haien kabuz edo elkarlanean konpontzen dituzte arazoak, autogestioa eta elkarlana garatuz. Azkenik, eskola txikietan umeen interesetara egokitzen dira edukiak, erlazio estua dute kideekin eta irakaslearekin eta adin guztiak nahastuta egoten dira.

Mugimendu pedagogiko berriek nahiz eta pedagogia tradizionalaren aurka egin emaitza hobeak lortzen dituzte ikasleek interesatzen zaizkien gauzak modu entretenigarri eta adierazgarri batean ikasten dituztelako eta ez liburu bat irakurriz eta buruz ikasiz soilik.

Aurrerago, Illich-en hirugarren kapituluari buruzko performance bat egin genuen bizikidetza kontzeptua azalduz. Honetan menpekotasuna sorrarazten diguten teknologiak eta jendeak besteek egiten dutena imitatuz jarraitzen duten bidea bizitzan zehar kritikatu genituen, kalera ateraz eta Xulines performance-a eginez.

Eskola moten gaiarekin lotuta kurrikulum ezkutua landu genuen. Argazki batzuk atera genituen unibertsitatean zehar eta irudi bakoitzak zuen ezkutuko mezua atera genuen, sexua, arraza, tolerantzia, errespetua, aniztasuna, diskriminazioa, erlijioa, ohiturak eta ezkutuan zeuden beste hainbat antzeko balore, gai edo portaera analizatu genituen.

Eskola mota berritzaileek zuzenki funtzionatu dezaten curriculuma ezinbestekoa da eta metodologia berri hauek izugarrizko garrantzia ematen diete curriculumeko konpetentziak lantzeari. Konpetentziak eskuratzea posiblea eta onuragarria dela, baina benetan zaila eta garrantzitsua dena, baliabide guztiak erabili ahal izateko zereginak sortzea, horrela curriculum erreala hobetu ahal izateko dela ikasi dugu. Konpetentziek ikasketa esanguratsua bultzatzen dute, baina gizarteak nahi duen sistema aurrea eramateko prestatuta daudela ere ikasi dugu, horregatik erabilgarriak bai, baina ez dira ezinbestekoak edo hezkuntzaren oinarria izan behar.

Konpetentziak lantzeko ere proiektuetan oinarritutako metodologia zertan datzan ikusi dugu. Berdinen arteko kooperazioa, informazio iturri desberdinak bilatzea, ikasleek jakin minetik ikastea(ikaskuntza adierazgarria), irakasleak ikuspuntu ezberdinak entzun eta edukita gida bezala jardutea eta jakinduria ikasgaietan ez banatzea ikasleei interesatzen zaizkien gaiak lantzeko bultzatzen du metodologia honek.

Azkenik, ebaluazioa eta honen barruan dauden motak landu genituen. Kontuan hartu behar da kalifikatzea zenbaki bat jartzea dela eta ebaluazioak ez duela zertan kalifikatu behar ezinbestekoa ez bada. Ebaluazio mota ezberdinak daude eragile ezberdinen arabera. Denboraren arabera ebaluazioa hasierakoa(aurrezagutzak jakiteko galderak egin), bitartekoa(prozesua baloratu) edo bukaerakoa(ikasitako ezagutzei buruzko galdera espezifikoak egin edo azterketa bat egin) izan daiteke. Ebaluazioan lantzen denaren arabera normatiboa edo kriteriala izan daiteke. Ebaluazioa nolakoa den arabera hezigarria/formatiboa(prozesuan zehar ikasleari aholkuak ematea eta gaizki egiten duena zuzentzea ikaslea bideratzeko), ebaluazio autentikoa(bizitzako egoera erreal eta konplexuak simulatzen dituen zereginak planteatzen ditu ikuspegi honek) edo ebaluazio integratua(ebaluazioa integratzea, momentu horretan ebaluazioa edo feedback-a ematea) izan daiteke. Ebaluazioa nola egiten den arabera kualitatiboa(hitzekin egitea izan daiteke, hau da prozesua deskribatzea) edo kuantitatiboa(zenbaki bat jartzea) izan daiteke. Ebaluazioa nork egiten duen arabera autoebaluazioa, koebaluazioa edo heteroebaluazioa(gure barrutik ateratzen dena) izan daiteke.

Hori bai ez dago zertan beti ebaluatu behar eta ebaluazioaren helburuak argi eduki behar dira. Ebaluazioak ikasleen ikaskuntza prozesuari  eta lortutako emaitzei buruzko datuak biltzeko balio du.

Hemen pasa dugun bide luze eta polit honi bukaera ematea besterik ez zait gelditzen, espero dut nirekin eta nire lan edo ideiekin gozatu eta ikasi izana. Hurrengora arte, agur.






No hay comentarios:

Publicar un comentario

E-paperzorroa

Hona hemen nire didaktika orokorreko blogaren azken sarrera. Sarrera hau, irakasgaian landutako eta blogera igotako gauza guztien laburpen b...